Saharaldebako Saleh Zein Sidahamedekin kontaktua egin genuen orain dela urte bat. Saleh Saharaldebako elkartearen sortzailea da, elkarte hau Debagoienan dauden sahararren topagunea izan da azkeneko urteotan. Harreman honi esker, hainbat ekintza egin ditugu elkarrekin: ikasleekin Sahararrek ospatzen duten jaian parte hartu dugu, Frente Polisarioko arduradunarekin prestakuntza bilerak egin ditugu, eta garrantzitsuena dena, irakurtzera ari zareten proiektua gauzatzen ari gara.
Proiektu honek lau fase ditu:
>Aurreneko fasean, proiektuaren definizioa eta planifikazioa adostu dugu. Salehrekin batera Euskadin dagoen Fronte Polisarioko arduradunarekin, Mohamed Fadel Mojtarrekin, elkartu ginen Arrasaten. Bilera hartan ondoko konpromezuak hartu genituen: Fronte Polisarioak Arabiar Errepublika Saharar Demokratikoko agintariekin kontaktuan jarriko gintuela eta beharrezkoak diren baimenak errazteko konpromezua hartu zuen, eta guk berriz, administrazioari zein eskolei ordenagailuak hornitzeko konpromezua hartu genuen.
>Bigarren fasean Saleh Kanpamentuetara joan zen bertako eskolen beharra jasotzeko. Smara, Auserd, Aaiun, Gazuani inguruko lehen hezkuntzako, bigarren hezkuntzako eta lanbide heziketako ikastetxeak bisitatu zituen 10 egun iraun zuen bidaian.
>Hirugarren fasean ordenagailuak prestatu ditugu: guztira 100 ordenagailu izango dira 5 kanpamentuetan arrakala digitalari aurre egiteko, gehienak lehen hezkuntzara bideratuko ditugu. Lehen esan dugun bezala Toshiba Eskola 2.0 100 ordenagailu prestatu ditugu. Kasu honetan ere, ordenagailuen diagnostikoa egin ondoren (Teklatua, pantaila, disko gogorra, RAM memoria, bateria eta kableak ondo daudela ziurtatu ondoren), 4G RAMera arteko memoria gehitu diegu ordenagailuei. Prozesua amaitzeko, software askeko TXIKILINUX sistema eragilea eta beharrezkoa den softwarea instalatu dizkiegu, arabiarrez jarri eta teklatuetan pegatinak jarri ditugu.
>Laugarren fasean, Kanpamentuetara joateko asmoa dugu, bertako ordenagailuen erabileraren eta mantenimenduaren gaineko aholkularitza emateko. Etorkizunean proiektua eskola guztietara zabaltzea da gure helburua.