Yaakar Aretxabaletako Elkartearekin harremanetan jarri ginen urte bete dela. Suleiman eta Aminata Aretxabaletan bizi eta lan egiten dute, jaiotzez Mbameko herrikoak dira. Aretxabaletan Yaakar elkartea sortu zen Yaakar inguruko biztanleen garapenean bidelagun izateko. Adibide batzuk jartze aldera aipa ditzakegu Osakidetzak utzitako materialari esker abian jarritako Mbameko amatasun zentroa eta bertako eskoletako ikasgeletan mahai zein aulkien hornikuntza.
Arizaritik ordenagailu eramangarri bat prestatu diegu Yaakarrekoei elkarteko lan administratiboak egin dezaten. Elkarlan honi esker, Mbameko eskolak digitalizatzeko proposamena egin genien Yaakar Aretxabaletako Elkarteari, eta haiek baietz erantzun ziguten. Mikroinformatikako lehenengo eta bigarrengo mailako ikasleak jo eta sua ibili dira azkeneko bost hilabete hauetan proiektuari aurre egiteko.
Mbameko zuzendariei inguruko enpresek dohaintzan emandako 5 ordenagailu eramangarri prestatu dizkiegu. Software askearen aldeko apustu egiten dugunez, ordenagailuon sistema eragilea Qbuntua da. Lanen artean ordenagailuak eskatutako hizkuntzan, frantsesez, egokitzea izan da.
Euskadin eskola zein ikastoletan erabilitako Toshiba 2.0ak jaso ditugu Elkartenet elkartearen laguntzarekin. Mbameko ikastetxeetara 100 ordenagailu bidaliko ditugu; ordenagailuen diagnostikoa egin ondoren (Teklatua, pantaila, bateria eta kableak ondo daudela konprobatu ondoren), 4G RAMera arteko memoria gehitu diegu ordenagailuei. Prozesua amaitzeko, software askeko TXIKILINUX programa instalatu dizkiegu, frantsesez jarri eta teklatuetan pegatinak jarri ditugu.
Aurtengo ekainean kontainer baten bidaliko ditugu ordenagiluok beste hainbat materialekin batera. Bidalketaz Yaakar elkartekoak arduratuko dira.